BADATOR #EHUNMILAK18 (UZTAILAK 13-15)

Ehunmilakek bere bederatzigarren edizioa ospatuko du errekorrekin dortsalaren bi aldeetan 

  • Naturak, herriaren ohiturek eta zalego sutsuak sorturiko izaera berezia.
  • 3 mendi lasterketa 1.253 korrikalarirentzat eta ibilbidean zehar 1.600 bolondres.
  • Euskal Herriko Ultra Trail txapelketa, aldi berean UTMB Chamonix eta HardRock, Colorado probetarako puntuagarria. 

Errekorraren edizioa, dortsalaren bi aldeetan: Ehunmilak probaren bederatzigarren edizioak pausu bat aurrera eman du nazioartekotzean. 2018ko edizio honetarako berehala agortu ziren korrikalari herrikoiarentzako irisgarrienak diren bi probetarako dortsalak: Marimurumendi marathon (42km/265 dortsal) eta Goierriko bi haundiak (88km/515 dortsal); proba nagusian, Ehunmilak Ultra-Trail proban, non esperientziak eta prestakuntzak garrantzi handia duen, aurreko urteetako datuekin alderatuz izen ematea handitu egin da 473 korrikalarira iritsi arte eta 40 dortsal besterik ez dira geratu libre. Proba aurrera ateratzeko 1.600 bolondres arituko dira lanean.

Uztailaren 13tik 15erako programa: bederatzigarren edizio honetako 3 probak datorren asteburuan ospatuko dira, uztailaren 13, 14 eta 15ean, irteera eta helmuga Beasainen izango dutelarik. 2 proba nagusienak uztailaren 13an, ostiralean, hasiko dira (Ehunmilak 18:00etan eta Goierriko bi haundiak 23:00etan). Proba laburrena aldiz, uztailaren 15ean, igandean, hasiko da (Marimurumendi 9:00etan). Ikuslegoak une oro jarrai ditzake lasterketak ehunmilak.com webgune ofizialean eta bere sare sozialetan. Honetaz gain, webgunean streaming bidezko irudiak ikusi ahal izango dira eta Maratón Radio irratiko #radiotrail irratsaioa ere zuzenean egingo da. Igande arratsaldean, Beasaingo plaza nagusian egingo da edizio honi amaiera emango dion sari banaketa.

Faboritoak: Aurtengo Ehunmilak 2018 probak,  Euskal Herriko ultra trail txapeldunak izendatuko ditu. Ibilbidearen 168 kilometro eta 22.000 metroko desnibel metatuan inguruko tontorrik adierazgarrienak igoko dituzte: Aizkorri, Txindoki, Ganbo, Irimo, Erlo eta Ernio, beti ere 48 orduko gehienezko denbora izanik. Erronka honen zailtasunaren adierazgarrietako bat da urtero parte hartzaileen erdiak amaitzen duela proba. Taldekako modalitatean 3 kidez osaturiko 7 taldek parte hartuko dute.

Errekorra duen eta bost aldiz txapeldun izan den Javi Dominguez-etik hasi eta hirugarren parte hartzean garaipena lortu nahi duen Ewa Maier-era. Aurten ere faborito nagusia den Javik, iaz errekor berria ezarri zuen 22 ordu eta 22 minutuko denbora eginez. Emakumezkoen artean, aurreko bi edizioetan lidertzan ibili baina proba amaitu ezin izan duen Ewa Maier korrikalari poloniarra da faboritoa. Hauekin batera beste hainbat izen nabarmendu beharrean gaude: Jon Aizpuru (iaz bigarren postu bikaina lortu zuena), Felipe Artigue beteranoa eta Álvaro Rodríguez. Emakumezkoetan podiuma osatzeko bi gipuzkoar aipatu beharrean gaude: Elena Calvillo eta Jone Urkizu, hainbat urtez podiumera igotzea lortu dutenak.

Ostiral gaueko 11etatik aurrera Beasaingo enparantza nagusitik bigarren lasterketari irteera emango zaio, g2h lasterketari. 515 parte hartzaileek 88km izango dituzte aurretik eta 22 orduko denbora muga. Proba irabazteko, hirugarren txapela jarraian lortzeko faborito nagusia Dani Aguirre da, baina ezin ahaztu beste hainbat partaide, ohikoak diren Mikel Etxeberria eta Pedro Etxeberria edota iazko marimurumendi maratoiko txapeldun Bartosz Gorczyca poloniarra. Emakumezkoetan iazko marimurumendiko txapeldunak ere g2h proban parte hartuko du eta aurkari nagusitzat izango ditu Uxue Fraile eta Mayi Mujika.

Uztailaren 15ean, goizeko 9etan marimurumendi maratoiari hasiera emango zaio (42km, 2.300 metroko desnibel metatua eta 8 orduko denbora muga). Faboritoen artean ditugu gizonezkoetan Aleix Bautista eta Eneko Garde; edota emakumezkoetan Amaiur Iglesias, Itziar Andueza eta Maite Antón.

Korrikalari herrikoiari arreta berezia: hauxe izan da Ehunmilaken zigilu propioa lehen ediziotik: izena ematerakoan mediku ziurtagiria eta elektrokardiograma eskatzea eta korrikalariaren gidaliburua etxean jasotzea proba baino aste batzuk lehenago. Gurutze Gorriko 140 kide baino gehiago lanean izatea 22 mediku barne, 29 ibilgailu, anbulantzia eta lur orotarikoak kontutan hartuta. Proba jarraitzeko antolakuntzak autobus zerbitzu bereziak antolatzen ditu ikuslea lasterketako hainbat gunetara gerturatzeko asteburu osoan zehar, korrikalarien laguntzaileek dohainik bidaiatuz eta orotariko ikusleek euro bat ordainduz.

________________________________________

Informazio gehiagorako: probaren aurretik, bitartean eta ondoren traola ofiziala #ehunmilak18

2018-07-11T10:08:58+00:00