SAIO LUZEAK

Ez dago zalantzarik ultratrail korrikalarien artean arreta gehien erakartzen duten entrenamendu saioak ohikoak baino luzeagoak direnak edo tirada luzeak deiturikoak direla. Saio edo tirada luze hauek giltzarriak dira korrikalarien prestakuntzan, eta zenbat eta luzeagoa izan kirol-diziplina edo lasterketa, orduan eta garrantzia handiagoa hartzen dute.

Saio luze hauen bitartez lehiaketa egunean bertan izango ditugun baldintzetara gerturatzen saia gaitezke. Hori dela eta, aukera ematen digute errendimendua, nutrizioa, materiala eta beste hainbat arlotan erabili behar ditugun  estrategiak praktikan jartzeko. Nahiz eta tirada luze hauek erronka handia izan, garbi dago erronka horiek airoso gainditzen baditugu, gure gaitasunarengan dugun konfiantza asko handituko duen errefortzu positiboa izango  direla eta poztasun handia emango digutela. Baina, nolakoak izan beharko lukete saio luze horiek?

Bistakoa denez, galdera horrek ez dauka erantzun bakarra, eta saio luze horiek planteatzerakoan alde handiak daude korrikalari mota desberdinen artean. Pertsonalki, aitortzen dut duela urte batzuk, agian,  gehiegi balioetsi nituela saio luze horietako distantzia eta iraupena. Nire iritzia zen entrenamendu horiek zenbat eta luzeagoak izan, handiagoak izango zirela esfortzu mota horietarako egokitzapenak, eta, ondorioz, hobeto prestatuta egongo ginela ultratrail bati aurre egiteko. Dena den, urteak pasa ahala, saio luzeekiko nuen kontzeptua aldatuz joan da.

Maila handiko ultratrailer askoren entrenatzeko modua aztertu ondoren, argi ikus daiteke ez dagoela entrenatzeko formula magikorik , eta atleta bakoitzak saio luze horiek egiteko dauzkan planteamenduak oso desberdinak direla. Logikoa da pentsatzea ultradistantziako proben prestakuntzari buruz ari garenean, beharrezkoa dela entrenamendu saio luzeak egitea erresistentzia maila egokia lortzeko. Hala ere, egon al liteke puntu edo distantzia  jakin bat, non hortik aurrera egiten diren kilometro guztiak alferrikakoak edo eraginik gabekoak diren?

Kontuan eduki behar dugu tirada luze hauek neke handia eragiten dutela, eta baldintzatu egiten dituztela ondoren egingo ditugun entrenamendu saioak. Gainera, lesioak izateko arriskua nabarmen handitzen da neke-maila hori daukagunean. Beraz, ezinbestekoa da entrenamendu mota hauetako karga ahalik eta ondoen neurtzea, eta ahal den neurrian murriztea gainerako entrenamendu saioetan izan dezakeen eragin negatiboa. Bestalde, ezin ditugu ahaztu intentsitatea eta tirada luze horiek egiteko erabili dugun erritmoa bezalako parametroak.  Entrenamendu horiek egiteko eramaten dugun erritmoa giltzarria da, eta erabat baldintzatzen du saio horien iraupena. Baina zer izango litzateke hobea: tirada luzeagoak eta erritmo baxuagoan egitea edo tirada laburragoak eta erritmo altuagoan?

Beti bezala, erantzuna hainbat faktoreren baitan dago. Baliteke, duela gutxira arte, erantzun ohikoena lehenengoa izatea, baina jakitun izan behar dugu gaur egun ultrak lehiatzen dituzten korrikalarien erritmoak nabarmen azkartu direla. Gure helburua ahalik eta errendimendu onena ateratzea bada, ezingo dugu lasterketa batean erritmo azkarra eman, baldin eta aurrez egindako entrenamendu luzeetan erritmo horretara ibili ez bagara. Alferrik da tirada luzeak eginda egotea tarteka erritmo altuko saioak egin ez baditugu. Ez dago lasterbiderik.

Dena den, ondorengo hausnarketa hau egitea gustatuko litzaidake. Benetan beharrezkoa al da ordu luzez entrenatzea erritmo “makal” bat denbora luzez eraman  ahal izateko? Ez ote gara gai gutxi entrenatuta erritmo makal bat eramateko? Nire ustez, tirada luzeetan lasterketan baino erritmo altuagoa eramaten badugu, 4-5 orduz, erritmo mantsoagoetan erosoago sentitzea lortuko dugu, eta automatikoki erritmo hori denbora luzeagoan mantentzeko gaitasuna.

Tirada luzeak planteatzeko filosofia honek aukera emango liguke distantzia luzeagoak egindakoan pilatzen dugun nekea saihesteko, eta modu horretan, gai izango ginateke entrenamendu saio luze gehiago sartzeko, izan ere, denbora laburragoa beharko genuke horietatik errekuperatzeko. Zentzu horretan, estrategia oso interesgarria litzateke tirada luzeak egun jarraituetan egitea neke maila handiagoa pilatzeko. Ez da gauza bera 80km egitea tartean atseden une bat eginez edo kilometro guztiak jarraian egitea. Gainera, entrenamenduaren lehen zatia nahita intentsitate handiagoan egin dezakegu entrenamenduaren bigarren saioan neke handiagoa izateko. Modu horretan, lasterketan izango dugun neke-egoera horretara gertura gaitezke, baina tirada hain luzea egiteko beharrik gabe. Hausnarketa hauek eztabaidarako zabalik daude, eta ziurrenik, planteatu berri ditudan horien moduko  ikuspuntu baliagarri nahiz oso desberdinak edukiko genituzke. Ondorio gisa, gustatuko litzaidake azpimarratzea urteetan zehar gehiegi baloratu ditugula erritmo baxuan egindako  tirada amaiezinak. Ondorioz, ez diegu zukurik atera emaitza hobea eman ziezaguketen saio askoz ere motzagoei.

Logikoki, saio luzeak planteatzeko estrategiak norbere mailaren, eskarmentuaren, exijentzia mailaren eta helburuen baitan egon behar du. Uste dut, nahiz eta norbaiti kontraesankorra iruditu, mailarik eta anbiziorik handieneko korrikalariak gehiago oinarritu beharko liratekeela tirada luzeetako erritmoan, eta erritmo altu hori ahalik eta denbora luzeagoan mantentzen saiatu, eta ez hainbeste kezkatu kilometro kopuruan edo tirada horien iraupenean. Kasu honetan, interesgarria litzateke parte hartzea aurrez egiten diren beste lehiaketa edo probetan, gure helburu nagusia den proba horretara sasoi puntu egokian iristen garela frogatzeko eta behar adinako kilometro kopurua eginda iritsi garela baieztatzeko.  Baina maila apalagoa duten korrikalariei,  euren lasterketako erritmoa hobetzea asko kostatuko zaienei eta errendimendu onena bilatzen ez dutenei, aholkatuko nieke tirada luzeak egitea erritmo nahiko baxuan. Entrenamendu horiek lituzkete onenak lehiaketa egunean aurkituko dituzten zailtasun eta nekeari aurre egiten trebatzeko.

Beste aholku bat da ongi begiratzea prestatzen ari garen probaren ibilbidea eta bere ezaugarriak. Ibilbide oso teknikoak, pilatutako desnibelak eta ilunduta korrika egin beharrak asko luza dezakete lasterketa-denbora, eta, ondorioz, faktore horiek oso kontuan hartu behar ditugu gure tirada edo saio luzeak diseinatzerako orduan. Modu horretan, lehiaketa egunean ezustekorik ez hartzea bermatuko dugu.

Jon Aranburu

 

 

2018-03-14T18:40:29+00:00