Dagoeneko udaberria da. Pixkanaka atzean geratuko dira askori entrenatzea tokatu zaizuen neguko hilabete hotz horiek. Askorentzat buruhauste handia izan da entrenatzera ateratzea, izan ere, azken bi hilabeteetan  inguru honetan baldintza oso gogorrak izan dira ongi entrenatu ahal izateko. Pazientzia handia eduki behar izan duzue, eta zeuen burua konbentzitu, euria eta hotz handia egin arren, entrenatzera atera beharra zegoela. Segur aski, une gogorrak igaroko zenituzten eta zuen buruari behin baino gehiagotan galdetuko zenioten “zer demontre egiten dut nik hemen?”, “merezi  ote du halako sakrifizio eta esfortzu itzela egitea?”, “etxean hain goxo eta ongi egon besterik ez eta…”

Hala ere, badirudi askok udaberriaren etorrerarekin euren animoan berpizte txiki bat izan dutela. Eguraldi hobeak, tenperatura atseginagoek, egun luzeagoek zein argitsuagoek eta parte hartzea pentsatutako proben gertutasunak gure motibazioa handitzen dute, eta horrek guztiak entrenamenduarekiko gure jarrera positiboagoa izatea eragiten du.

Aukera izan nuen duela egun gutxi espezialitate honetan mundu mailako kirolaririk onenetarikoa den korrikalari batekin biltzeko eta hitz egiteko. Elkarrizketa horretan datorren udan parte hartuko duen proba garrantzitsu baten berezitasunei buruz aritu ginen. Xehetasun batzuen artean, berak azpimarratzen zuena zen iraupen luzeko lasterketa hauetan azken urteetan gertatu den lasterketa-erritmoaren azkartzea. Zailtasun orografikoak alde batera utzita (desnibela, gune teknikoki zailak, beroa, altuera handia eta abar), zeintzuk logikoki desberdintasun handiak eragin baititzakete, ultratrailer bikain honek esaten zidan teorikoki  “errezagoak” edo aldekoagoak diren guneetan lehen baino erritmo dezente altuagoa eramaten dela gaur egun. Prestakuntza-maila handiak eta parte-hartzaileen espezializazioak eragin dutena da horrelako proba luzeetan gurutzaldi-erritmoa gogorra izatea, eta horren ondorioz  ia ez egotea erlaxatu eta errekuperatzeko denborarik eta uneoro kontzentrazioa maila handia eduki behar izatea.

Ez da lehen aldia gai honetaz mintzatzen naizela prestakuntzaren atal honetan. Baina nik uste dut une egokia dela lasterketako intentsitateaz aritzeko. Hilabete honetan mendi-lasterketa ugari dauden garaian gaude, eta batzuek hori aprobetxatuko dute euren buruak probatzeko.

Ultratrailetan nire ustez garrantzi berezia duten faktoreetako bat lasterketaren intentsitatearen kontrola da. Beste modu batera lasterketa erritmoa ere dei genezake, baina kontuan hartuta erritmo horrek lasterketa desberdinetan izan ditzakeen aldaera desberdinak, nahiago dut intentsitate hitza erabili. Hori da azken batean korrikalari batek daukan gaitasuna lasterketa batean abiadura jakin bat hartu eta horri eusteko, beti ere bere sasoi puntua, ibilbidea, distantzia eta abar kontuan hartuz. Beste era batera esanda,interpretatzen jakitea  bere gorputzak  bidaltzen dizkion seinaleak eta horiek ahalik eta egokien aplikatzea. Uste dut ezaugarri hauek dituzten  probetan estrategia desberdinak egon daitezkeela ibilbidearen arabera, gau faktorea kontuan hartuta, norberaren autoexigentzia maila…

 

irudia1

 

Grafiko honetan bertan ikus dezakegu korrikalari bate bihotz-maiztasuna aurten bertan jokatu den 100 kilometro inguruko proba batean.  Proba burutzeko 12 ordu pasatxo behar izan zituen. Garbi antzeman daiteke lasterketaren lehen herenean korrikalariak  mantendu egiten dituela bihotz-maiztasuna eta ondorioz lasterketako intentsitatea, baina puntu horretatik aurrera maiztasun hori eroriz doa gradualki lasterketaren amaiera arte.

Aztertu egin beharko litzateke xehetasun gehiagoz  ibilbidearen profila, baina esan daiteke 30. kilometrotik aurrera korrikalariak ezin izan ziola erritmoari eutsi.  Baina korrikalari honek proban zehar ez zituen galdu grafikoa ikusi ondoren pentsa daitekeen adina postu. Horrek pentsarazten digu pixkanaka gertatutako errendimendu jaitsiera horrek gainontzeko korrikalariei ere eragin ziela.irudia2Beste grafiko hau aztertzen badugu, ikus dezakegu proban zehar gertatutako tenperatura aldaketaren bilakaera korrikalariaren errendimenduaren ia guztiz kontrakoa dela. Tenperatura probaren lehen herenean  balio “gozoetan” mantendu zen, baina balio oso altuetara igoz joan zen eta horrek modu negatiboan eragin zuen lasterketako partaideen erritmoan (are gehiago kontuan hartuta  lasterketa lehiatu zen garaia eta beroarekiko aklimatazio maila baxua).

Ez dakigu zehatz zer gertatuko zatekeen tenperatura hain altua izango ez balitz. Pertsonalki, korrikalaria ezagututa eta kontuan hartuta proban zehar izan zituen sentsazioak (horri guztiari bere eskarmentua eta proba hauetan lehendik zituen emaitzak gehitu),  ziurrenik pentsa zezakeen proba hasierako intentsitatea ez zela gehiegizkoa, eta baldintza hobeetan nik uste dut proba amaiera arte eutsi ziezaiokeela intentsitate horri. Baina errealitate gordina da ahaleginak egin arren, ezin izan ziola hasierako intentsitateari eutsi.

Nahiz eta kasu honetan errendimendu galeraren arrazoi nagusia tenperatura gisako kanpoko faktore bat dela dirudien, adibideak balio beharko liguke arreta berezia jartzeko korrikalari batek lehiaketa batean edo entrenamendu batean ezartzen duen lasterketa intentsitatean. Datu hauen azterketak eta hortik atera ditzakegun ondorioek ez digute bermatzen probetan arrakasta edukitzea, baina asko gerturatzen gaituzte lortu nahi dugun horretara.

Ikertuak izaten ari dira korrikalari batek lasterketa batean erritmoa autogestionatzeko dituen baliabideak, eta badirudi mekanismo horiek uste baino konplexuagoak direla (dirudienez emakumeak hobeak dira intentsitateari eusten). Baina zalantzarik gabe, eskarmentua faktore oso garrantzitsua da, izan ere, gorputza kudeatzen,  interpretatzen eta  esfortzuak neurtzen ikasiz joaten da. Gainera, ikusi ditugun datu garrantzitsu horiek  aztertzeko gai izaten bagara, helburu errealistagoak  eta egokiagoak jarri ahal izango ditugu.

 

Jon Aranburu

www.jonaranburu.com

Twitter:@Mitocondrion