Ehunmilak, Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi probak antolatzeko ostegunero biltzen da talde gidaria.

Duela 18 urte, Zegama-Aizkorri mendi maratoia (42 kilometro) antolatzea «astakeriatzat» jo zen, eta duela 10 urte Ehunmilak (168 km.) eta Goierriko Bi Handiak (88 km.) antolatzea, «erokeria». Bateko zein besteko, antolatzaileek arrazoi zutela ikusi da, astakeria eta erokeria horiek egiteko, dortsalak baino korrikalari gehiago daudelako, eta  mendi lasterketetan Goierri mundu mailan erreferentzia bilakatu delako.

Ehunmilak proiektuaren sortzaile Mikel Valdivielsoren esanetan, «erotuta geundela esaten ziguten, ezinezkoa zela, eta, pertsona jakin batzuen babesa salbu, nahiko bultzada eskasa jaso genuen». Baina Ehunmilek 10 urte beteko dituzte aurten, eta inoiz baino korrikalari gehiagok hartuko du parte: 1.295 lagunek. Eta horiek baino gehiago dira, 1.600, lasterketak antolatzeko ezinbestekoak diren  boluntarioak. Bizimodu bat bihurtu da askorentzat Ehunmilak: korrikalarientzat, zein antolatzaile batzordea osatzen duten kideentzat. Ostegun arratsalderoko plana dute.

Mikel Valdivielso (lasterketa burua)

Lasterketa burua da Mikel Valdivielso.  Ibilbideaz, segurtasunaz eta boluntarioen kudeaketaz arduratzen da zehazki, eta oro har, «denaz» arduratzen da. «Nahiz eta lanak banatuta izan, saiatzen naiz denen gainean egoten». Horrelako proiektu bat aurrera eramateko beharrezkoa den dirua biltzeaz ere arduratzen da: «Babesleak ere aurkitu behar dira.  Nahiko proiektu sufritua da».

Andoni Zubeldia (lasterketa zuzendaria)

Lasterketaren zuzendariaren kargua du Andoni Zubeldiak proiektuaren sorreratik. Zubeldiak nabarmendu du ez daukala lan zehatzik; «Azkenean, lasterketako arlo guztietaz arduratzen naiz. Egia da, pisu gehiena Mikelek eramaten duela, eta urte askoan laguntzaile bezala nabil ni». Antolatzaile taldeko beste guztiei bezala, «denetik egitea» egokitzen zaio Zubeldiari ere.

Mali Kortaberria (Aralarko gunea)

Aralar da Ehunmilak eta Goierriko Bi Handiak lasterketen gune garrantzitsuenetako bat, eta gune horren ardura du Mali Kortaberriak. Hura arduraduratzen da gune guztia bere osotasunean antolatzeaz: boluntarioak antolatu, kontrol gunea prestatu… Korrikalarien segurtasunerako oso garrantzitsua duen lan bat ere kudeatzen du: Aralar osoan balizak jartzea. Aurten, 8.704 jarriko dituzte.

Iera Acin (finantza arduraduna)

Ehunmilak proiektuaren diru kontuez arduratzen da Iera Acin: izen-emateen ordainketez eta itzulketez –nahiz eta aurtengo plataformarekin asko erraztu–, diru laguntza publikoen kudeaketaz,  ordainketak egiteaz… Horrezaz gain, elkartearen bete beharrak betetzea ere badagokio Acineri: «Arrastaka mendi talde bat izan arren, enpresa txiki batek bezala funtzionatzen du».

J. Ignacio Martin (izen-emate arduraduna)

Korrikalarien izen emateak kudeatzen ditu: epe barruan mediku txostenak bidaltzen dituztela ikusi, eta ondoren, korrikalariei dortsalak esleitu, bajaren bat baldin badago, itxarote zerrendako hurrengoari deitu… Behin zerrendak osatuta, korrikalariei bidaltzeko eta emateko gutunazalak eta materiala prestatu behar izaten dira. Hori guztia, datuen babeserako legea betez.

Iñaki Mozo (komunikazioa)

Komunikabideekin eta sare sozialekin etengabeko harremana du Iñaki Mozok, Ehunmilei buruzko albisteak zabaltzeaz arduratzen baita. Hurrengo edizio bat egongo dela eta zein datatan izango den jakinaraziz hasten da bere lana; bigarren lana izaten da izen ematea noiz irekiko den esatea. Eguna iristen denean, berriz, mikrofonoa askatu gabe, irteeran eta helmugan izaten da, hizlari lanak ere egiten baititu.

Iñaki Erauskin (jasangarritasuna eta aparkalekuak)

Ibilbidean zehar eta anoa postuetan hondakinak behar bezala sailkatzen direla bermatzeaz arduratzen da Iñaki Erauskin. Korrikalariek araudian duten bete beharra da gainera. Bestalde, korrikalarientzat eta bisitarientzat Beasaingo aparkalekuak –Gipuzkoa plaza, Bernedo Enea eta Adif, eta CAFekoa– antolatzeaz arduratzen da: txandak antolatu, informazio eman…

Josemi Cobos (arropen arduraduna)

Batez ere, merchandaising-az arduratzen da Josemi Cobos, arropa salmentaren kudeaketaz alegia. Salmenta postuak antolatu, salmenten eta diruaren kontrola eraman… Korrikalariei eman beharreko arropaz ere arduratzen da. Behin Ehumnilak amaitutakoan, soberan gelditutako arropa saltzen aritzen dira Beasaindik kanpora ere.