Askotan entzuten ditugu  “Buru kontua da, dena psikologikoa da” moduko esaldiak proba edo lehiaketa baten gogortasuna adierazteko. Baita lasterketa bateko une gogorrei aurre egiteko norbait  ”mentalki ahula” dela ere. Bi adibide besterik ez dira garbi uzten dutenak askotan jotzen dugula faktore psikologikora kirolarien errendimendu fisikoa edo kirol errendimendua azaltzeko.

Aitortzen dut inoiz ez diedala  “buru kontuei” arreta gehiegirik eskaini eta sinesgarritasun handiegirik eman, hori dela eta, aitortzen dut nabarmenak direla kirol-psikologia arloan ditudan gabeziak. Dena den, azken aldian faktore psikologikoa eta bere eragina kirol errendimenduan gero eta arreta handiagoa bereganatzen ari da. Lehiaketa bateko emaitzan gure burutik pasatzen den guztiak duen eragina neurtzeko ikerketak ere areagotzen ari dira, eta zentzua hartzen ari dira “brain-training” edo “brain-doping” moduko hitzak. Baina oraingo honetan kirol-errendimenduari  aplikatutako psikologiaren arloan azken aldian indartsu azaleratzen ari diren ideiei buruz arituko natzaizue.

Ezer baino lehen, ordea, galdera batzuk. Zeintzuk dira korrikalari bat nekatzeko arrazoiak ? Zein faktore espezifiko da gure mugara iritsarazten gaituena eta intentsitate jakin bat eramatea galarazten diguna? Esan genezake gizakiaren mugak azaltzen dituen eredu tradizionala erabat fisiologikoa dela. Horren arabera, motibazio handia duen edozein irits daiteke bere muga fisiologikora. Hau da,  korrikalari batek abiadura  jakin batean iraun dezakeen denbora edo ahitu arte iraun dezakeen denbora faktore fisiologikoek zehaztuta dago, eta faktore horiek gure muskuluetan, arnas aparatuan eta abarretan dute jatorria.

Neke periferikoa ariketan parte hartzen duten gihar edo muskuluetan sortzen da, eta neke zentrala edo erdigunekoa, berriz,  gure garunean. Duela gutxi egindako ikerketa batek erakutsi du muskuluetako neke horrek ez lukeela eragotziko gizakia bere muga fisiologikora iristea. Izan ere, erakutsi ahal izan da kirolari batek intentsitate jakin batean egindako esfortzuan bere muga harrapatu bezain laster gai dela muga horretan (gelditu egin behar izan duen puntu horretan) eskatzen zaion indar maila hori baino handiagoa garatzeko. Alabaina, ikerlari hauek azaltzen dute hautemandako esfortzu sentsazioa (sensacion de esfuerzo percibido) izaten dela intentsitate jakin batean gehiago korrika ezin jarraitzearen  “erruduna”. Horrela bada, zenbat eta handiagoa izan esfortzu-sentsazioa, orduan eta gertuago egongo gara gure mugatik.

Ikerketa batean frogatu dute esfortzu-sentsazio hori aldatzeak eragin zuzena duela esfortzuan “iraun” dezakegun denboran. Beraz, nik uste dut argi dagoela intentsitate jakin batean “irauteak” (aguantatzeak) edo lasterketa-erritmoa ongi eramateak duen garrantzia izugarria ultratrail batean, hots, faktore benetan garrantzitsuak direla. Beste ikerketa baten arabera, gizakiok oso sentibera gara aurpegi-espresioarekiko, eta horrek ere eragina dauka gure errendimenduan.

Zenbat aldiz erabili ote dugu “egun txarra izan” esaldia uste bezain ongi ez edo ohi baino errendimendu kaskarragoa izan dugun egunetan. Ikerlarien arabera, hautematen dugun esfortzu-sentsazioa ezagutzen ez ditugun beste hainbat faktorek baldintza dezake. Hori ikusita, entrena al gaitezke lehiaketa batean esfortzu-sentsazio hori gutxiago sentitzeko? Lortu ahal izateko, jarrai ditzakegun estrategien artean honako hauek leudeke:

  • Barne elkarrizketa eta geure buruarekin hitz egitea. Geure buruari motibazioa areagotzen duten esaldiak errepikatzeak egiten ari garen esfortzu-sentsazioa murrizten lagun diezaguke.
  • Irudien bistaratzea. Irudi atseginak edo eszena arrakastatsuak irudikatzeak ere lagun dezake.
  • Kanpo-motibazioa. Beste pertsona batzuek emandako animoak eta babesa oso eraginkorrak izan daitezke. 

Garbi dago ultratrail batek irauten duen ordu luzeetan korrikalaria beharturik dagoela beste proba motzagoetan baino askoz ere gehiago “pentsatzera”. Ondorioz, aipatu ditugun pentsamendu horiek edo ariketa kognitibo horiek neke mentala eragin diezagukete, eta horrek hautematen ari garen esfortzu-sentsazioan (eta errendimenduan) eragin negatiboa izan dezake, nahiz eta neke fisiologikorik ez sentitu.

Kontuan hartzeko beste faktore garrantzitsu bat, nekearengan eragin handia duena, lo falta da. Loguraren aurka egiten dugun borrokako esfortzuak gure garunaren zati batean eragiten du, eta horrek neke mental handia sortarazten digu. “Tor des Geants” izeneko ultra ospetsuan egindako ikerketa baten arabera, lasterketa irabazi zuenak bere atzetik jarraian sailkatu ziren korrikalariek baino dezente ordu gehiago egin zituen lo. Horrek zalantza handiak sortu ditu, izan ere,  lasterketan zehar egindako lo orduak “galdutako” ordutzat edo zentzu nahiko negatiboan ikusten zituen jende askok. Orain, ordea, egiten den galdera zera da: lasterketan zehar ordu gehiago lo eginez gero, horrek hautematen dugun esfortzu-sentsazioa murriztuko luke? Eta, aldi berean,  errendimendu eta emaitza hobeak eragingo lituzke? Badirudi ultren diziplina honetan ikuspegi berriak eta erakargarriak azaleratzen ari direla.

Emaitza horiek kontuan hartuta, ez da harrigarria pentsatzea “brain-training” edo entrenamendu mentalak gero eta garrantzia handiagoa har dezakeela nekeak hainbesteko eragina duen proba hauetan. Entrenamenduak egoera deserosoan egitea eraginkorra izango litzateke, adibidez,  ordu askotako lanaldiaren ondoren entrenatzera ateratzea edo egoera deserosoei aurre eginez egitea entrenamendu gogorrenak. Beste modu batean esanda, gure “morala ukitzen duten” egoeretan egitea entrenamendu saiorik gogorrenak.

Azken ikerketen arabera, ezin da esan kirolari bat mentalki gogorra edo ahula denik, ezta ezaugarri hori aldatzeko ezer ezin dela egin ere, ezaugarri hori seguraski entrenamenduen bidez alda baitaiteke.

Amaitzeko, zuei dagokizue aspektu psikologiko hauek baloratzea eta erabakitzea arretarik eskainiko diozuen. Hori guztia ultratrail bat pixka bat errazagoa egin dakizuen.

Lortzen baduzue, ziurrenik zuen errendimendua hobetzen arituko zarete.

Jon Aranburu

www.jonaranburu.com