2020. urteko ediziotik aurrera, ehunmilak Ultra-Trail®, goierriko2haundiak eta marimurumendi maratoia EZ DIRA UTMB® lasterketarako puntuagarriak izango.

Oraindik ezezaguna zen lasterketa batean parte hartzeko, Chamonixera duela 14 urte joan zen korrikalari baten ametsetatik jaio zen ehunmilak. Hain handia izan zen bertan bizitakoa, liluraturik, antzeko froga bat antolatzea otu zitzaiola berak korri eta gozatzen zuen mendietan zehar. 2 urteko lan gogorraren ondoren, ehunmilak Ultra-Trail® eta goierriko2haundiak jaio ziren

Nahiz eta bi froga hauen helburuak eta errealitateak ezberdinak ziren hasieran, ehunmilak Ultra-Trail®-eko antolakuntza batzordeak beti izan du argi zein izan den erreferente arlo honetan, UTMB® izateagatik ultren disziplinan mundu mailako lasterketa garrantzitsuena.

Hala ere, gure lan taldearen filosofia beti berdina izan da: korrikalariarengatik eta korrikalariarentzat lasterketa bat egitea. Gure indar eta diru sarrera guztiak, jasotzen dugun azken €-a xahutu arte, korrikalarian inbertitzen ditugu kalitate eta segurtasun bikain bat eskainiko duen froga antolatzen. Honen adibide, korrikalaria jarraitzeko doako GPS zerbitzua, korrikalarien jarraipena egiteko doako garraio zerbitzua edo lasterkariaren arreta medikua bermatzeko eskatzen dugun mediku txostena eta atseden egoeran egindako elektrokardiograma. Horretarako ezinbestekoa den bertako eta eskualdeko komertzio eta enpresa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoa dugu hala nola gure alboan musutruk dauden eta frogak duen sona izaten lagundu diguten milaka bolondresen laguntza ere.

Guzti honekin ez dugu esan nahi ez ditugula UTMB®, bertara joaten diren lasterkariak, paisaiak eta zaletuak miresten. Gure helburu nagusiak pixkanaka urruntzen joan dira UTMB®-k duen filosofiatik eta horregatik erabaki dugu Chamonixen ospatzen den ekitaldirako puntuagarriak ez izatea.

ITRA puntuei dagokionez, gure lasterketak PUNTUAGARRIAK IZATEN jarraituko dute.